"Pinpilinpauxa", gure hitzik politena

Bi astetan zehar, irakurleek bere botuak bidali dituzte. Batuketak egin ondoren, euskal hitzik ederrena aldarrika dezakegu. TESTUA: ION STEGMEIER.


Zozketaren irabazleak


Parte hartzaile guztien artean zozketa egin zen pasa den ostiralean. Montblanc boligrafoen irabazleak honako hauek izan dira: Juan Angel Perotxena Uranga, Maria Istilart Arraztoa, Amaya Lipúzcoa, Martin Garde eta Irati Binue. Liburu sorta, bestalde, Javier Azanzari egokitu zaio. Guztiokin harremanetan jarriko gara aurki eta Diario de Navarrako bulegoetan jaso ahal izango dute beraien sariak aste honetan zehar. Aipatu beharra dago zozketatu diren sariak zeintzuk ziren jakin aurretik, 19 pertsonek eman zutela beraien botoa. Laguntza eskuzabal honengatik, parte hartu duten guztioi mila esker!


SAILKAPENA


  1. Pinpilinpauxa. 6 boto, %9,4.
  2. Maitia/Maitea. 4 boto, %6,25.
  3. Bihotza. 3 boto, %4,7.
  4. Tximeleta. 2 boto, %3,1.
  5. Ederra. 2 boto, %3,1.
  6. Xaloa. 2 boto, %3,1.
  7. Agur. Hemendik aurrera hitz bakoitzak boto bana jaso du (%1,6).
  8. Aise.
  9. Alegia.
  10. Askatasuna.
  11. Bizkarra.
  12. Buru-eragozgarri.
  13. Elkarrizketa.
  14. Elurra.
  15. Fagurrin.
  16. Goxua.
  17. Haizea.
  18. Hizkuntz-Eskubideak.
  19. Hodei.
  20. Ilargia.
  21. Ilunabar.
  22. Itsasoa.
  23. Itzulipurdikari.
  24. Katadera.
  25. Kuxkuxero.
  26. Lamia.
  27. Laztana.
  28. Lorea.
  29. Maitasuna.
  30. Matté.
  31. Muxu.
  32. Nafarroa.
  33. Nahia.
  34. Neskatikoa.
  35. Pitxi.
  36. Pitxintxo.
  37. Politena.
  38. Poxpolina.
  39. Txantxigorri.
  40. Txitxia.
  41. Txoria.
  42. Xagua.
  43. Xaloa.
  44. Xarma.
  45. Xarmangarria.
  46. Xulufrine.
  47. Urtxintxa.
  48. Zazpi.
  49. Zendu.
  50. Zirrikitu.
  51. Zirritua.
Irakurleek bi aste izan dituzte beraien hitz kuttunena bozkatzeko. Denbora honetan heldu direnen artean asko zabaldu dute sailkapena, 51 hitzen artean sakabanatu bait dira jasotako 64 bozkak. Pinpilinpauxa, 64 botuetako 6 lortuz (%9,4a), suertatu da garailea, irakurleen aburuz.

Ehunka izeneko animalia

Tximeleta, inguma, eskabi, txilipitaina, marisorgin, pinpirin, txiribiri, altxabili, bitxilote, mitxirrika, mitxeleta... 150 bat hitzek izendatzen dute intsektu bera euskaraz, baina irakurleek pinpilinpauxa dute gustokoen, apika bere mintzo onomatopeikoena delako, hegoak astintzen dator burura pinpilinpauxa; lore baten gainean geldirik, ordea, tximeleta. Azken hitz honek, bestalde, bi boto jaso ditu (% 3,1a), laugarren hitz bozkatuena bilakatuz.

Ez dira asko zerrenda honetan sartu diren animalien izenak -txoria, xagua eta urtxintxa soilik-, baina bai naturarekin erlazioa dutenak: elur (bere txakurra hala bataiatu zuen gizon batek bidalia), fagurrin (pagadietatik sartzen den usain freskoa), haizea, hodei, ilargia, ilunabar, itsasoa eta lorea.

Maite/ Maitia bigarren postuan gelditu da sailkapenan. Irakurle batek Maite bozkatu du, baina matté bezala ahozkaturik eta beraz azken modu honetan jarri dezagun eskatu digu. Berdin dio, Maite, maitia eta matté batu ezkero bost botoetan geldituko lirateke, pinpilinpauxa baino bat gutxiagorekin.

Parte hartzaile batek itzulipurdikari hitza (itzulipurdiak edo txatxilipurdiak egiten dituen pertsona) proposatu du, bere zergatia azalduz: «Esatea izatea bezain zaila delako, ahoskatzen dudanean gorputza gora eta behera mugitzeko eutsi ezinezko gogoa sartzen zaidalako, egin proba eta ikusiko duzue: I-TZU-LI-PUR-DI-KA-RI», azaltzen du.

Beste batek, neskatikoa hitza du gustokoen. «Oso hitz adierazkorra iruditzen zait, maitasun handiz esaten da normalean. Oso helburu zehatza du: maitasun sentimentu hori azaltzea, neskatikoari lagunen artean dagoela adieraztea, inguru bero eta lagunkoia... Berdin litzateke, esanahi aldetik, Mutikoa, baina sonoridadearen aldetik ez da hain polita eta ez du beti maitakotasun konnotazio hori adierazten», azaltzen du.

Parte hartzailetako batek alegia aukeratu du, baina zehaztuz hitz honen esanahietatik zeinek bultzatu dion alegia aukeratzera: «Irudimenezko -alegiazko- kontakizuna den alegia. Gipuzkoako herri bat eta izen arrunt polisemikoa izateaz landara, lokailua ere bada... fruitu anitz eta joriak eman ditzakeen hitza. Izan ere, berezko a kenduta eta eskubitik ezkerrera irakurrita ere, igela dugu».

Jasotako txantxak alde batera utzita eta hitz bat baino gehiago bidali dituztenei bat aukera zezaten eskatu ondoren (hala egin ez dutenean bidalitako lehena hartu zaie kontutan), parte hartu dutenen taldea guztiz anitza izan da, bertan buru-eragozgarri edo hizkuntz-eskubideak bozkatu dutenek, zazpi zenbakia edo agur aukeratu dutenekin nahastu dira.

Lehiaketa honekin Nafar Hizkuntzak bere aro berriaren 200. alea eta Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu nahi ditu.

"Habseligkeiten" eta "amor"

Goethe Institutuak eta Hizkuntzaren Alemaniako Kontseiluak orain dela hiru urte horrelako ekimen bat antolatu zuten, alemanieraz, noski. Irabazlea Habseligkeiten izan zen, hitz alemaniar peto-petoa. Bere esanahia ez da itzultzen erraza. Haben (eduki) eta Seligkeit (dohatsutasun) hitzak batzen ditu, eta bere esanahia, gutxi gorabehera poltsikoan eramaten diren balio gutxiko baina sentiberatasun handiko objetu txikiak izango litzateke, norberaren barruko baloreak adierazteko ere esaten da.

Gaztelaniaz ere iaz egin zen bere hitz politenaren bilaketa. Amor suertatu zen garaile 3.364 boturekin, gure lehiaketa baino baten bat gehiago. Bere atzetik libertad, paz, vida, azahar, esperanza, madre, mamá, amistad eta libélula.



© Diario de Navarra
Carretera Zaragoza s/n. 31191 CORDOVILLA (NAVARRA).
Teléfono: 948 23 60 50. Fax: 948 15 03 20.
Aviso Legal | Política de privacidad | Publicación digital controlada por OJDinteractiva